Ongi etorri komiki-ekin proiektura!
Ongi etorri KOMIKI-EKIN proiektura!
KOMIKI-EKIN DBH 3ko Kultura Zientifikoa ikasgaia lantzeko proiektua da. Komikigintza tresna aktibo gisa erabiltzen du, ikasleak herritar aktibo, kritiko eta konprometitu bihur daitezen. Metodologia honen bidez, Garapen Jasangarriko Helburuen (GJH) inguruko arazo zientifiko eta etiko konplexuak modu bisual eta ulergarrian aztertuko dituzte, eta, aldi berean, pentsamendu kritikoa eta ardura soziala islatzen dituzten mezu propioen sortzaile gisa jardungo dute.
TOKIKO EKINTZAK: GLOBALA ETA LOKALA UZTARTUZ
Askotan, arazo globalak ulertzeko edo konponbideak bilatzeko, urruneko adibideetara jotzen dugu. Adibidez, uraren kontserbazioaren garrantzia azaltzeko, Afrikan ur garbia eskuratzeko kilometroak egin behar dituzten pertsonen irudiak erabiltzen ditugu. Klima-aldaketaz eta biodibertsitatearen galeraz hitz egiteko ere, sarritan, glaziar baten gainean bakarrik dagoen hartz polar baten irudia erabiltzen dugu.
Egoera horiek benetakoak eta larriak diren arren, ikasleentzat urruneko errealitateak izan daitezke, eta horrek arazoak ulertzea eta konponbideak bilatzea zaildu dezake. Horregatik, garrantzitsua da aldaketarako ahalmena eta optimismoa lantzea, ikasleek beren ingurunean eragina izan dezaketela senti dezaten. Pauso txikiek etorkizuneko erronkei aurre egiteko tresnak eta jarrera lantzen lagun dezakete.
Hau da gure erronka, bat egingo duzu?
landuko ditugun Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH)
Nazio Batuen 2030 Agendaren barruan finkatutako 17 helburuak dira, mundu osoan bizi-baldintzak hobetzeko eta planetaren oreka ekologikoa bermatzeko asmoz sortuak. KOMIKI-EKIN proiektuan natura-zientziei lotutako helburuak landuko ditugu.
Erronka globalek konponbide sortzaile eta eskuragarriak eskatzen dituzte eta hezkuntzak funtsezko zeregina du herritar kontziente eta konprometituen prestakuntzan.
zergaitik komikia?
Komikia, hezkuntza tresna eraldatzailea
KOMIKI-EKIN proiektuak ez du komikia kasualitatez aukeratu. Komikia tresna didaktiko eraginkor eta diziplinartekotzat jotzen dugu, bi arrazoi nagusirengatik:
1. ULERMENA: Kontzeptu zientifiko eta etiko konplexuak (GJH) modu bisual eta ulergarrian aurkezteko ahalmena du. Testua eta irudia uztartuz, eduki abstraktuak argitzen eta ulermena errazten du.
2. TREBETASUN KRITIKOAK: Dibulgazio-gaitasunak eta pentsamendu kritikoa indartzen ditu. Ikasleek informazio zientifikoa modu koherentean egituratu eta komiki-gidoi batean narratiboki zentzua eman behar izaten dute.
Laburbilduz, komikia tresna ezin hobea da Kultura Zientifikoa modu erakargarri, oso eta kritikoan lantzeko.
Sormena eta pentsamendu kritikoa
Komikiak sormena eta adierazpen artistikoa bultzatzen ditu, baina, era berean, istorioen bidez gai konplexuak hausnartzeko eta modu kritikoan aztertzeko aukera ematen die ikasleei.
Komunikazio eta eragin soziala
Komikiak mezu garrantzitsuak modu bisual eta ulergarrian komunikatzeko baliabide indartsua dira. Gainera, aldarrikapenerako tresna izan daitezke, ikasleei beren ideiak zabaltzeko eta gizartean eragiteko aukera emanez.
Aktibismoa eta aldaketa
Komikiak ez dira soilik mezuak transmititzeko tresna; ikasleek komikigintza aldaketa planifikatzeko estrategia gisa ere erabil dezakete. Mundua aldatzeko bidean, komikiak ikasleak aktiboki parte hartzera bultzatzeko tresna izan daitezke.
Motibazioa eta interesa
Komikiak entretenigarriak dira, eta istorioen bidez ikasleen interesa pizten dute, haien arreta mantenduz eta ikaskuntza esperientzia atseginagoa bihurtuz.
GURE KOMIKIEN PROTAGONISTAK
Zientzia eta STEAM mundua eskolara ekartzen
Gure komikien protagonistak bertako ikertzaileak dira. Horrela, ikasleak zientzia eta STEAM arloetara hurbiltzen dira, ikerketaren, teknologiaren eta sormenaren garrantziaz jabetuz. KOMIKI-EKIN proiektuan, GJHei buruz hezteaz gain, dibulgazio zientifikoa eta STEAM hezkuntza sustatu nahi ditugu, zientziaren atzean dauden pertsonak eta politika globalak gidatzen dituzten ikerketak erakutsiz.
gure metodologia
A FASEA: GJH komikiak aztertzea (3 saio)
Zer egingo da? Lehenik, ikasle guztiek komiki bat batera irakurriko eta aztertuko dute. Ondoren, taldeka antolatuta, talde bakoitzak gure webguneko beste komiki bat aztertuko du. Azkenik, talde bakoitzak dagokion GJHaren edukia eta azterketaren emaitzak klase osoari aurkeztuko dizkio, komunikazio-gaitasunak eta eztabaida publikoa landuz.
B FASEA: bakoitzak bere komikia sortzea (5 saio)
Zer egingo da? Talde bakoitzak bere komiki zientifikoa eskuz sortuko du. Komikiak sortzeko Gida Didaktikoa erabiliz, GJH bat landuko dute, zorroztasun zientifikoa eta mezu etikoa bermatuz. Amaitzeko, talde-lanaren emaitzak klasean aurkeztuko dituzte, dibulgazio-trebetasunak landuz.
IKASMATERIALEN PROPOSAMENA
1) GJH KOMIKIAK
Garapen Jasangarriko Helburuei (GJH) buruzko 6 komiki eskaintzen ditugu, benetako ikertzaileek protagonizatutako istorioetan oinarrituak. Komiki hauek ez dira soilik irakurtzeko materiala: ikasleek osatu, koloreztatu eta landu egingo dituzte, ikaskuntza aktiboa eta parte-hartzailea sustatuz.
Komiki bakoitzak irakaslearentzako fitxa didaktiko bat du, jarduera gidatzeko baliabideekin. Komikiak lantzean, ikasleek GJHen inguruko erronka zientifiko eta sozialak ulertzen dituzte, ebidentzia zientifikoa modu kritikoan aztertzen ikasten dute, eta informazioa interpretatu eta taldean komunikatzeko gaitasunak garatzen dituzte.
2) KOMIKIAK SORTZEKO GIDA DIDAKTIKOA
Material hauek irakasleei eta ikasleei sorkuntza-prozesua gidatzen laguntzen diete, eta ikasleei ideiak garatzeko, istorioak eraikitzeko eta jasangarritasunarekin lotutako mezuak modu bisual eta erakargarrian komunikatzeko tresnak ematen dizkiete.
EBALUAZIO TRESNAK
Ebaluazio-tresna hauek eskuragarri jartzen dira, eta irakasle bakoitzak bere irizpide didaktikoen eta testuinguruaren arabera erabiliko eta egokituko ditu; beraz, ez da erabilera bakarra edo itxia zehazten.